Hamahiru Koloniak
Hamahiru Koloniak (ingelesez Thirteen Colonies) historikoki Britainia Handiak Ipar Amerikako Ozeano Atlantikoaren kostaldean Eskozia Berria eta Florida arteko lurraldeetan zituen jabetza kolonialek jaso izan zuten izendapena izan zen. Hamahiru kolonia hauek XVIII. mendearen amaieraldean independentzia lortu eta Ameriketako Estatu Batuak bilakatu ziren.
Koloniak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jatorrizko hamahiru koloniak honako hauek izan ziren:
- New Hampshire
- Massachusetts
- Rhode Island
- Connecticut
- New York
- New Jersey
- Pennsylvania
- Delaware
- Maryland
- Virginia
- Ipar Carolina,
- Hego Carolina,
- Georgia
Biztanleria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kolonia hauen ezaugarri garrantzitsu bat bertako biztanleriaren nahasketa zen, Europako herrialde ugarietako jatorria zuelarik: Ingalaterra, Irlanda, Eskozia, Alemania, Gales, Flandria, Frantziako hugonoteak eta abar. Hauei XVII. mendean Suedia eta Herbeheratako jendea batu zitzaien.
1770ean jada hirigune txikiak sortu eta hedapen preozesuan zeuden, bakoitzak bere egunkari, denda, merkatari eta artisauak zituelarik. Hiririk handiena Filadelfia zen, 28.000 biztanleekin, ondoen New York, Boston eta Charleston zeudelarik. Europako herrialdeak ez bezala, Estatu Batuek ez zuten inoiz aristokrazia feudalik izan. Koloniar garaian lursailak ugariak eta amaigabeak ziren, aldiz eskulana urria, eta hortaz, edozein gizonek aberastasuna edo oparotasuna eskuratzeko aukera zuen, aberatasuna ez baldin bazen, bai behintzat ekonomia independentzia.
Gobernua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kolonia guztiak gobernu ordezkaritzaren usadioan oinarrituak zeuden. Britainiar erregeak kolonietako agintariak izendatzen zituen, baina haiek guztiek kolonia bakoitzean hautatutako biltzarrarekin batera gobernatzen zuten. Bozkatzeko eskubidea gizonezko lurjabe zuriei mugatua zegoen, baina kolono zuri gehienak lurjabeak zirenez edo nahikoa lursailen jabe zirenez, bozkatzeko eskubidea zuten. Gainera, Britainia Handiak ezin zuen bere amerikar kolonien kontrol zuzena gauzatu: Londres hiriburua urrutiegi zegoen, eta kolonoek izaera eta jokaera oso independentea zuten; bestalde, kolonia bakoitzaren sorrerako estatutuetan ere Britainiar Koroak kolonien barne burujabetza onartzen zuen. Azkenik, kolonietan mineral baliotsuen ondare handirik ez zegoenez (urrea edo zilarra), Erresuma Batuak bere Hamahiru Kolonietan zuzenean esku sartzeko interesik ez zuen.